Kresal usaina, marinelen kantuak, esperantza eta oroimen poesiak... hori eta dezente gehiago entzun ahal izan genuen balio handiko telonero honen eskutik. Unai Egia eta Nabil esatea berdina da gaur egun. Taldearen ibilerak amaitu ziren; naturaren elementuei bost disko eskaini ondoren, bakarlari gisa aurrera jarraitu zuen Unaik, eta iaz argitaratu zuen sei kantuko “Sukar-ametsak” E.P. biluzia. Izenburuaren aurretik, BBB, edo “Bele Bakarti Baten” azpimarratzea atsegin du, bere bakarlari ibilbideari bidea egiteko aproposa dena.
Esan beharrik ez dago sarrera guztiak aitaren batean amitu zirela (lehen tanda 10 minututan xahutu zuten zaleek), eta guzti hontatik onena teloneroak izan zuen publiko arrakasta izan zela. Hainbestetan, maila handiko taldeak ia berotze lanak egitera murriztuta geratzen diren Euskal Herri honetan, nabarmentzeko modukoa izan zen Unaik bildu zuen ikusle kopurua. Egia da Lekeitiokoa izateak lagundu ziola, ez dugu hori ukatuko. Dena den, joera nagusia bere onena ematen ari den artistari ez ikusiarena egin eta tabernan zintzur bustitze ariketak egitea izan ohi da.
Artistaren biluztasuna eskertu genuen udako arrats atsegin honetan: taulagainean bakarrik, baina bere talentuak eta hamaika tramankuluk lagunduta, kontraste interesgarriko hamaika pieza eskaini zizkigun: hala-nola folk kutsu gozagarriko gitarrak, heroi anonimoen aldarrikatzea, amonaren hitzak eta oroimenak, galtzear dagoen itsasoarekiko harremanaren samina, kostunbrismo traza xume eta iradokitzaileak, arrantzaleen oroitzapenak eta aldarrikapenak... Ia 700 urte dauzkan herri honetan, kresalak blaitutako izpiritua nabari da akaso bertako adierazpen artistiko gehienetan.
Abaroa Jauregia, 1891n eraikia, Lekeitioko Udalak kontzertu-sorta polit bat antolatzeko leku aukeratu du. Jauregi kanpoko lorategitik pasatu dira Ezpalak, Izaro, Olatz Salvador, Golden Apple Quartet eta abar, eta datozen asteetan eta uda amaitu arte McOnak, Puro Relajo, Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi eta Ruper Ordorika etorriko dira, besteak beste. Pandemiaren erruz bertan behera gelditutako jaiak direla eta, Udalak diru horren zatirik handiena Udako ekintzak egiteko erabili du. Aurrekontu horren barruan sartu dira kontzertuak, antzerkia, dantza eta bertsolarien ekitaldiak, besteak beste.
Unairengana bueltatuaz, barrutian sartzen ari ginela ekin zion “Lehen euri tantak” kantuari. Oraindik bera ikusten ez bagenuen ere, lehen inpresioak biltzeko aukera eman zigun. Diskoari izena ematen dion kantuak (“Sukar-ametsak”) badauka halako erritmo bizi eta intentsu bat. Kantu hau entzuteko, Iñigito Txapelpunk protagonista duen bideoklipa gomendatzen dizuet. Bertan olatuekin dantzan egiten duen naufragoaren papera egiten du: Tom Hanksek “Naúfrago” pelikulan egin zuena alegia. Honela, itsas barraskiloekin kartetan egiten du, gauzak eraiki eta suntsitu, Wilson jaunarekin hitz egin... naufrago galdu baten delirioak antzezten ditu Iñigitok era oso konbentzigarrian.
Honela, eta batez ere aurreko kantan, slidearen erabilera puntual batzuk antzeman ditzakegu. Estatu Batuetako sustrai musikaren trazak ere kantu batzuetan barreiatuta entzun daitezke, adibidez “Hurrengo batean” kantuan, non errepikak bere botere guztia erakusten duen, koru indartsu batek babestuko balu bezala. “Ontzi zaina eta dantzaria” kantatu aurretik Oiongo amumari buruz aritu zitzaigun. Amuma beranduago Lekeitiora, Unairen familiaren etxera nola bizitzera etorri zen eta nola dioen “Guda zibila berriz bizi baino lehen nahiago nuke berton hil”. Nostalgiarako beste parada bat izan genuen “Garai edarrak”ekin: haurtzaroa, amama, egun eguzkitsuak... Hemen ere, gitarra soil baina intentsuak sustraidun folka gogora ekarri dezake. Eta azken diskoari amaiera emateko, “Heroi anonimoak”. Ohi bezala, hazten doan melodia bat da. Hazte horrek garapen instrumentala du bidelagun. Hortaz, gitarra akustikoarekin lehen pista bat grabatu ondoren, gitarra elektrikoarekin egindako soloaren azpitik erreproduzitzen du, honekin beste hainbeste egiteko. Ahots kapak ere sartzen ditu gero, emaitza orokorrari ikusgarritasuna emanez.
Jainko txiki eta jostalari hura (Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Kirmen Uribe) izeneko proiektu eta diskoari omenaldia egin zion Rafa Ruedak kantatzen zuen “Urte zahar iluntzean”en bertsioarekin. Eta azken txanparako, Nabil banda zen garaiko lau pieza: “Enarek diote”, agian jatorrizko bertsioan boteretsuagoa; errepika atsegineko “Igande goiz hontan”; Lekeitioko ogibide arketipikoaren amaieraren arrangura (“Porturik gabeko marinelak” borobil eta indartsua) eta azken agurra: “Oroimenen mosaikoa”, taldearen diskorik onenari izena ematen zion kantua.
Bigarren zati honetan ikuslegoaren parte-hartze handiago nabaritu genuen. Gauzak horrela, Unaik lehen zatiaren biluztasuna alde batera utzi eta charlesaren papera egiten zuen panderoa (hankari lotuta zeukana) zein bonboa askoz ere gehiago erabili zituen. Soinua aberastu zen eta kanta ezagunek beren lekua hartu zuten. Emanaldi osoan hainbat momentutan hunkitu zen, hala nola “Ontzi zaina eta zaindaria” edo “Porturik gabeko marinelak”en. Orain arte egindako ibilbidea eta pilatutako errepertorioarekin bide oparoa egin du dagoeneko. Orain beste koska bat igotzea falta zaio berez gogorra eta leihakorra den euskal eszena honetan.
Kresalak Donostia aldetik ekarri zigun daukagun arimarik libreenetakoa. Olatz Salvador bakarlariak oso denbora gutxian lortu duena harritzekoa eta erabakigarria izan da. Egiazki, lehen diskoarekin (“Zintzilik”, Airaka 2018) erdietsi zuen orain daukan statusa, bai ospe zein kalitate aldetik. Gorakada meteoriko hark exijitzen duen mailak bat baino gehiago ito lezake; ez, ordea, Donostiako gaztea. Bigarren diskoa osatzerakoan hamaika zalantza egon litezke, baina azken emaitzak goian mantendu du duda izpirik gabe. Auzi guzti honen inguruan gehiago jakiteko, irakurri otsailean egin genion elkarrizketa.
Azken lanean (“Aho uhal”, Airaka 2021) konfidantza osoa izaten jarraitzen du Olatzek bere errepertoioari erreparatuz gero: ia disko osoa goitik behera! Set listean bigarren disko honetatik lehenengora egindako jauziak ugariak dira. Hartara, lan berriaren sarrera bere horretan egiten jarraitzen du kontzertuetan: “Gaua” instrumental leun eta iradokitzailea, eta segidan “Ahots hari” liluragarria. Dakizuenez, Rozalének bikoa egiten du diskoan Olatzekin kanta honetan. Oholtza gainean, ordea, ez dugu inoren faltarik sumatzen inondik ere. Hori onartuta, argi esan behar dugu Rozalénekin grabatutakoa gogoangarria dela, baita gero aipatuko dugun artista euskaldun batekin egindakoa ere. “Nora” Donostiarraren ibilbidearen adierazgarria da: sentsibilitatea eta indarra, biak buruz buru. Kantu honen handitasuna, beste batzuen artean, izan zen bere orbitan jarri gintuena.
Lan berrira itzulera, berriz, “Zure egia” erdi instrumentalarekin egin zuen: magia hutsa, berriz ere. “Lokarriak” abiatu eta Power Popera itzultzea bat izan ziren. Kantu sarkorra, atmosferikoa eta zinez boteretsua, Olatzen lehen dantzak ekarri zituen, eta Jagoba Salvadorren baxua inoiz baino sarkorrago sentitu genuen. Oldarkortasun olatuak bultzatuta, “Galdu” edo punpa-laster kontrakantxara ematen den pilotakada, batetik, eta “Betileekin”, Olatzen kanturik luzeena (6 minutukoa), bestetik. Power popa aipatu badugu, laukote honetan rocka ere aipatu behar dugu nahitaez, askotan biak hibridatuta akaso.
“Sustraiak”ek ekarri zuen barealdia, hala deitu badiezaiokegu, zeren eta kantuen berezko intentsitateak asko erlatibizatzen du erabilitako terminoa. Kantu honek Jon Basagurenen kolaborazioa zekarren diskoan, elkarlan bereziki aproposa eta (esan al dut lehenago?) iradokitzailea. Honez gero, musikariek pasarte batzuetan hainbat aldaketa txiki baina gozagarriak egiten dituzte zuzenekoetan: Mattin Saldías gitarra jolea sarrera eta errepika-aurreko abaguneetan intro ezberdinak eta girotze berezi batzuek inprobisatzen (ala ez?) somatu genuen. “Betileekin” kantuan egin zuen soloa, adibidez, harrigarria izan zen sartu zizkion efektuengatik, eta “Gelditu hor”en ñabardura interesgarriak gauzatu zituen. Ander Zulaikak atabaletan erakusten duen segurtasun eta zehaztasunak urrezko bariazio dotore batzuk ere onartzen ditu. “Galdu”n adibidez, aldaketa aski estimulagarriak txertatu zituen. Baxuari dagokionez, Jagoba Salvadorren instrumentua estudioan baino zabalkorrago eta lodiago nabaritu genuen; hitz batean, eta goian aipatu moduan, sarkorrago. Benetan zoragarri.
Lehenago ere esan izan dudanez, ez dut askoz gehiago sakonduko: “Nirvana” faltan somatzen dut zuzenekoetan, eta hura sartzearen truke “Ba hori” eta “Ez garen gu” kanpoan utziko nituzke. Azken bi hauek kantu onak direla ezingo nuke uka, egia da hori. Aldiz, besteen handitasunaren aurrean txiki gelditzen direla uste dut, eta erabakitasun apur baten faltan daudela, beti ere besteekin konparatzen baditugu, noski. Jakin bai baitakit entzuleek atsegin dituztela, Lekeitioko kontzertu honetan ikusi zen bezala. “Ez garen gu”n Mattinek gitarra utzi eta atabalen kargu egin zen, eta Ander Zulaikak teklatua hartu zuen.
OEBGH. Sigla horiekin topo egin nuen Olatzen webgunean. Kamisetak ere salgai daude hitz horiekin. Sudaderak eta poltsak ere salgai topa ditzakezu. Mentalki bere kantuak errepasatzen hasi, eta laster iritsi nintzen enigma argitzera: On Egiten Badizu Gelditu Hor esan nahi du. Hitz hauen beste aldea MEBEEH izango litzake: Min Ematen Badizu Ez Egon Hor, eta honekin badaukagu jada autolaguntzako liburuak zakarretara botatzeko aukera edo aitzakia, ez baitugu gehiagorik behar. Kantuaren izena “Gelditu hor” da, lan berriko borobilenetakoa. Diskoan, gainera, Idoia Asurmendi Aramaioarrak biko aparta egiten du Olatzekin. Segidan, Olatz eta Mattin bakarrik geratu ziren taulagainean, “Korapilatzen”i ekiteko. Salvadorren kanturik ezagunena (eta onenetakoa, noski) izango den honek hainbat istorio eta mezu helarazi dizkiola kontatu zigun donostiarrak. Spotifyn ia milioi erdi entzunaldi izan ditu orain arte, eta bere errepertorioko entzunena da.
Gata Cattana (Ana Isabel García LLorente) poesia eta rapa lantzen zituen artista andaluziarra izan zen. 2017an hil zen 25 urterekin, eta ordurako ja Olatzek miresten zuen artista zen. Bere sanpler bat sartu du “Aho uhal” diskoko “Eskuekin” kantuan, baita berau zuzenekoetan interpretatzeko orduan ere. Gata Cattanaren “Con las manos” poesia hartu zuen Olatzek ardatz kantu berri hau sortzeko. Olatzen estiloa daukat goitik behera, baina Gataren errezitatzeak kontraste polita egiten du haren azpitik.
Emanaldiak fase ezberdinak izan zituen: gorakada asko eta geldialditxo txiki puntualen bat akaso. Horrez gain, segur aski beharrezkoa ez den arren, Olatzek Skakeitan taldearekin egiten duen musika eta hauek egiten dituzten kontzertuak bestelakoak dira oso, lehergarriagoak haiek noski, baina horrek ez dio intentsitatea kentzen bakarkako ibilbidea hasi zuenetik egiten dituen kontzertuei; bi mundu ezberdin dira. Atzean dauzkan hiru musikarien segurtasunak eta Olatz beraren nortasunak aurrera ateratzen dituzte emanaldiak. Gainera, kantu gehienek Popa eduki dezakete, baita atzetik Power asko ere, ordea. Kantuek beraiek aurrera ateratzen dute ikuskizuna; baina Olatzek, mugitzen denean, haien boterea biderkatzen du. Horregatik uste dugu taldeak gora egingo duela, oraindik gehiago. Gainera, orain arte ikusi dizkiodan zuzeneko guztietan soinua oso potentea eta jatorrizko bertsioekiko bereziki fidela izan da; “Euria” horren lekuko. Eta harrexekin erretiratu ziren.
Bisetan, “Eraman nazazu” sentibera. Melodia zoragarriz bustia, berriz ere kontrastea errezitaldi batek ematen dio. (oraingoan Nathalie Bejaranoren eskutik). Eta azken agurrerako, “Zintzilik”, lehen diskoari izenburua eman ziona. Lehen diskoko lehen kanta, entzun bezain laster konkistatu gintuena: Inguratzailea, gorpuzduna eta magikoa. Horrela ba, gailurrean utzi zuten oholtza. Ordu eta laurdeneko emanaldia, 16 kantuko errepertorioan. Hau da, errepertorioaren % 72a gure begien aurrean. Gutxien-gutxienez, eta oso behetik jota, hamar kantu badauzkate set listean egoteko nahitaezkotzat dauzkagunak. Aurrerantzean, entzun genituen 16 hauetatik batzuk desagertzen joango direla pentsatzea ez da alferrikakoa, baina goza dezagun momentuaz eta 2021 honetan artista ia hasi berri honen katalogoaren ia hiru laurdenak entzungai izatearen pribilegioaz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.