Instrospekziora bidaia malkartsua izan daiteke, bide arriskutsua publikoaren aurrean aritzeko. Honek batzuetan kontzeptua uler baitzake, besteetan atzeranzko bidea egin eta nolabaiteko erdibidean gelditu ordea. Guzti horri surrealismoa, argitasuna eta umorea gehitzen badizkiegu aldiz, emaitza bestelakoa izan daiteke. Baten batek esango baitu barnera begirako kontzeptuak direla, eta janzkera musikala intimista eta pausatua. Elementu guzti horiek konbinatu eta emaitza intentsu eta bizia eskaintzeak badu, horregatik, bere meritua.
Maite Larburu momentuz bakarka atera duen disko bakarra aurkeztera etorri zen, lehen aldiz, Uhagonera. Sarrerak aspaldi agortu ziren pandemiak exigitzen dituen murrizketak direla eta, baina ikusmina handia zela esango genuke. Neighborren lehen diskoko “Gauean” luzea aukeratu zuen emanaldiari ekiteko. Zortzi minutu inguruko bidaia hipnotikoa (kontzertuan apur bat motzago egin zuena) bere aurreko taldearen errepertoriotik jo zuen lehena izango zen. Carlos Taroncherrek Shruti Boxa (Indiako instrumentua) erabili zuen hemen, eta ez zen kanta bakarra izango. Maite bera ere ikusia nuen tramankulu honekin “Ur berri, urte berri” kontzertuan (2018an). Neighborren diskoetatik bi jo zituen guztira, biak ere “Ura Patrikan” (Gaztelupeko Hotsak, 2013) diskokoak. Hainbat arrazoiengatik Maite Larburuen bakarkako ibilbidea Neighborren jarraipenatzat hartu genezake: giro eta atmosferen garrantzia, erabilitako instrumentu batzuen klasikotasuna edo exotismoa, lehen aipatu dugun introspekzioa eta kalitate ezberdin batek jantzitako kantu zerrenda.
Bakarkako diskoari errepasu polita eman zion “2daia1”etik hasita. “Hezurren azpian” (Gaztelupeko Hotsak, 2019) diskoari hasiera ematen dion pieza itxuraz soila hunkigarria ere bada. Maiteren ahots teknika zirraragarria da oso, erregistro zabalekoa eta ohiz kanpoko tonuz jantzia. “Kamareren egia”, berriro ere, ematen duen baino sakonagoa da. Dagoeneko Maitek ikuslegoa patrikan sartua dauka. Barre algaraka batzuetan, tentuz entzuten bestetan... Komentario guztiak intentzioarekin izan dira: batzuetan argiago, bestetan kriptikoago, eta bagaude umore batzuetan fin eta bestetan zorrotz horren atzean bizitzeko modu osatu baten mezuak daudela. Bere herria (Hernani), baita Gipuzkoa ere, pandemia dela eta eremu gorrian daudela esan zigun. Horregatik eskertu zuela kontzertu aurretik Uhagoneko lorategi paregabeko terrazan trago bat hartzea. “Dena gorri dago, horregatik gaur galtzerdi gorriak jantzi ditut”.
Neighbor taldera bigarren eta azken jauzia “Ezin” atmosferikoarekin egin zuen. Berez minutu bateko pieza limurtzailea, zorionez kontzertuan luzatu egin zuten. “Gona” kantuak ere badauka gatza eta piperra, eta bideoklipak berak ere pista asko ematen ditu, baina ez genuke onenen artean sartuko. “Triangeluak” parametro berdinetan kokatuko nuke. “Extrasistolea” biziagoa eta dirdiratsuagoa da, maiteren soinuaren adierazgarria den Carlos Taroncherren klarinete baxu erritmiko eta ahalguztidunak markatua. Maiteren ahotsak hemen egiten duen erakustaldia “2daia1”en mailakoa da. Honezkero, biolina, gitarra klasikoa eta elektrikoa jo ditu, kantatzeaz gain.
Maite ikusi dugun alditan, bakarka (Donostian) edo Carlos Taroncherrekin (abuztuan Zarautzen) aurre egin dio oholtzari. Zuzeneko hauek, ordea, berrikuntza ikusgarria ukan dute: Karlos Aranzegi bateria jolea. Bide Ertzean, Don Inorrez, Gari, Petti, Rulo y La Contrabanda, Mikel Erentxun eta abarrekin aritutakoa, ez zen Uhagon bisitatzen zuen lehen aldia izan, azkena duela pare bat urte Elena Setienekin izan baitzen. Kantuok zuzenean diskoan baino erakargarriagoak izateak badu aski segur zerikusirik Karlosen erritmoekin, beste dimentso batera eraman baititu. Segidan jo zuten kanta berria, maiatzean argitaratuko den disko egongo dena, bereziki martxosoa eta iradokitzailea izan zen. Karlosek konposizioan parte hartu duen ez dakigun arren, hirukoteak eskaini dezakeenaren lagin bat dela uste dugu. Erritmikoki boteretsua, Harkaitz Canoren hitzak eta Maitek arrabitari ematen dion gatza eta pasioa ikusita, fruitu gozagarriak eman ditzakeen bigarren diskoaren irrikitan uzten gaitu.
“Hezurren azpian” aukeratu zuten agurtzeko: kantu hedakorra, erritmikoa (bere tik-taka, klarinete baxua eta bateriak borobildutakoa)... eta horrela, esku zarta bihotz-zabal artean eta emanaldiaren gorenean, erretiratu zen hirukotea. Bisetan, maitek bakarrik Itoiz taldearen “As noites da radio lisboa” eskaini zigun. Kuriositate bat izan zen, hunkigarria ordea. Kuriositatea diot bertsio hau jotzea ez baitzen errepertorio faltagatik izan inondik ere. Eta orain, “Carlos eta Karlos”i deitu zien, eta azken agurrean “Berdin bihurtu ginen” (Txakur berde bezala ezagunagoa) pizgarriari ekin zioten. Bere diskoko piezarik esanguratsuenetakoa, Harkaitz Cano eta Maite beraren hitzekin eta Maiteren musikarekin, asmo-deklarazio bezala ere har genezake. Amaiera gorenean izan zen, beraz, Maitek iragarritako ordu betetik ordu laurden estra bat eduki zuena eta hala ere publikoa gehiagoren grinaz utzi zuena.
Disko berriaren zain geratzen garela esan dugu. Lehen disko hau kalitatezko momentuz bustia dago; soilik agian bultzada biziago bat beharko luke errepertorio globala kantu garailez janzteko. Baina horrek Maite Larbururen beraren esentzia arriskuan jarriko luke, beraz aldaketa txikia izan dadin nahi dugu. Bere proposamena pertsonala, originala eta bakarra baita. Arriskua nabaritzen da nonahi, irudimen zabala eta forma libreen bilaketa. Oholtza gainean ikuslegoa maisuki maneiatzen duen front-woman irudimentsu eta karismatikoa, nekez topatuko dugu taulagaina hain erraz menderatzen duen artista askorik.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.