Bilbao Exhibition Centerren ikusitakoa eta gero, hiru emanaldiak ikusteko modu ezberdin asko egon litezke, baina gure ustez ia denak positiboak izan behar lukete. Euskarazko rock musikarentzat bereziki garrantzitsua izan zen, hasteko; milaka pertsona hiru garai ezberdinetako banden kantuak abesten, dantzan eta ongi pasatzen ikustea erabakigarria baita. Hiru taldeek estilo ezberdinak lantzen dituzte gainera, beraz denentzako tokia egon zen. Eta kartel buruek beren lana ongi betetzeaz gain beste bi taldeei aukera paregabea eman ziela nabarmendu beharrean gaude.
Arratseko bederatzirak puntuan jauzi egin zuten oholtzara McOnak lekeitiarrek. Hiru ordu laurdeneko saioa bereziki intentsua izan zen, ohi duten moduan. Kontzertu guztian mantendu zuten intentsitatea harritzeko modukoa izan zen, “Bitakoraren azken orria”tik hasi eta “Zerbezien komandua” arte. Joseba Iturraspek ahotsa eta gitarra akustikoarekin betetezen du taldearen gidari papera, eta bere eskuinean dagoen Irati Irizar biolin joleak egiten duena espektakulu hutsa da. Emanaldi osoan zehar gelditu ere egin gabe, instrumentuari ateratzen dion gatza eta leku batetik bestera egiten dituen dantzak eta kantatzen dituen zatiak ere lehergarriak dira guztiz. Egun honetan argazkilari askok deskubritu zuten McOnak, eta bereziki Iratin zentratu ziren, begien aurrean zutena ia sinetsi ezinda.
Argazkilariak esan dugu, baina ikuslegoaren zati handi batentzat ere lehen aldia zen Mconak-ekin. Horrez gain, taldearen jarraitzaile mordoa bildu zen lehen lerroetan, eta kanta guztiak kantatu eta babes handia eman zioten seikoteari. Disko berrikoak izan ziren lehen hiru kantuak, eta hirugarrena “Balearen bertsoak”, taldearen ezagunenetakoa. Aurreko laneko “Sutara” ere oso arrakastatsua izan zen. Taldearen dinamismoak kutsatuta, jendeak behekaldetik bultzada eta energia positiboa itzultzen zizkien. Musika zelta rock and rollarekin ezin hobeto egokitzen dela badakigu, baina McOnaken emanaldiak oso bereziak eta ahaztezinak dira, eta horregatik izan ziren gau honetako jaialdiaren errege, dena baitaukate: konposizio borobilak, karisma, boterea, indarra, teknika...
Soinu lehergarri horretan zer ikusi handia dauka Maren bateria joleak. Egia esan, danbor eta platerei ematen dizkien kolpeek taldearen boterea bikoizten dute, eta bere estiloa ikusirik, Heavy Metal talde bateko atabal jolea dirudi. Horrela jarraitu zuten, deskantsu eta errukirik gabe, “Balazta gabe”, “Traizio balada”, “Epeldu baino lehen” eta halakoekin. Delirium Tremensen “Ezin leike”ri ere lekutxoa egin zioten. Hain justu, Derliriumek kantu hau joko ez zuela ziur geundelako poztu ginen hainbeste, nahiz eta azkenean azken hauek ere kantua jo zuten. Jaialdi osoan jo zuen emakumezko musikari bakarrari (Iratiri) ere aipua egin zion Josebak. Iratik bertaratutako emakume guztiei eskaini zien, baita muntai, argi eta arlo tekniko guztian lanean aritu zirenei, nahiz eta gizonezkoen alboan gutxi ziren.
McOnak taldelanak bultzatzen du: guztiek beraien papera betetzen dute: Irati eta Joseba aurrean, taldeari ikusgarritasuna emanez; Maren atabal jolea erritmoak birrintzen, atzean. Eta Koldo Santxez (baxua), Kemen Atxurra (gitarra) eta Beñat Zaton (soinua, akordeoia) ere behar-beharrezkoak dira taldearen bizkar-hezurrean. Egiturari sustengua ematen diote Koldo zein Kemenek, eta Europa Iparraldeko kutsu hori lortzeko ezinbestekoa da Beñaten lana. Hirurak ere kantatzeko orduan atzera geratzen ez diren horietakoak dira. Festa totala izan zen, beraz, gau honetako lehen emanaldia. Eta “Tabernako argiak” eta “Zerbezien komandua”rekin esan ziguten agur, kontzertua goi-goian utziaz eta Delirium Tremensek eman zieten aukera guztiz aprobetxatu izanaren sentsazioarekin.
Segidan zetorren taldea ikusteko ere gogo bizia geneukan, oker ez bagaude gure lehen aldia izan baitzen. Arrasateko punk oi! talderik garrantzitsuenetakoa dugu Des-Kontrol boskotea. 25 urteko ibilbidea dute jada, eta urte batzuetan lanik argitaratu gabe egon badira ere, lau kantuko E.P. bat argitaratu dute aurten, eta gau honetan laurak jo zituzten. Horrela, “Jaun eta jabe” eta “Ilargipeko istorioak” berriekin ekin zioten, kantu berriek klasikoen bultzadari heuts diezaieketela frogatuaz. Zuzenean zintzurrera doazen kantu borobilak dira Des-Kontrolenak, baina alderdi musikala zaintzen ere badakite, eta errepiken boterea aipagarria da oso. “Altxa gaitezen”, “Bizimoduaren bagoia”, “Azken bolada hontan”, “Lau hormen artean”... zitalek ikuslegoa aztoratu zuten, eta lehen lerroetan desfase moduko batzuk ere egon ziren arren, zorionez ikuslegoaren gehiengoa nahiko ondo konpondu zen arren.
Taldearen abestiak eta kontzeptua kontuan hartuta, oldarkortasunak ikuskizunaren zentraltasuna hartu behar du, eta aspektu hori sobera bete zuten. Egia da gitarra solista ez zela oso ondo entzuten, eta horrek bere zati nabarmenenak eta gitarra soloak behar zuten indarrik gabe utzi zituztela. Hori izan zen kontzertuaren alde txar bakarra, guri dagokigunez. “Langabezian” kantua “Duintasunez eutsi” diskoari emandako errepasu zabalaren beste adibide bat izan zen, eta lau ahotsetan sortzen duten magiaren adierazle garbia. Lan berriari azken errepasua, segidan, “Zuengatik ez balitz” eta “Bihotzeko mina”rekin. Berriz diogu: kantu berri hauekin ilusioa transmititzen dute eta berriz ere oholtzan indartsu (eta eraso faxistarik gabe) ikusteko esperantza piztu du hainbat jarraitzaileetan.
Eta ostia txarrarekin egindako kantuetan onena, segidan: “Skunx”, zuzenean begi zulora, edo gibelera; bere errepika borobila eta estrofa garaiezinekin, gure gogokoena dela ez dugu ezkutatuko. Kantu batean, uste dugu hain justu hau hasi baino lehen, ikusleen erdian pasilloa edo korridorea egiteko agindu zigun taldeak, gero elkarren kontra talka egin eta giroa oraindik gehiago berotzeko. Esperientzia ondo atera zela esango genuke, liskar bila daudenak gutxi izan baina egon badauden arren. “Beldurra” bezalako kantekin egiten dutena ere interesgarria da: sarrera instumentalek balio berezia ematen diete kantuei, eta honek ia minutu bateko esposizio borobila dauka, inondik ere bakarra ez bada ere.
Nola ez oldartu “Ez dugu nahi urrerik” bezalako harribitxi baten aurrean? Gaur egun gutxi ausartzen dira mezu hauek zabaltzen, antza, baina nola ez gozatu “ez badigute ematen arrazoia guri, su emango diogu gure fabrikari” bezalako errepika bat kantatzean? Kantua hasi baino lehen, beraien hasieratako (1999) kantu baten sarreratxo bat egin zuten, hain zuzen ere “Zipaio” kantuarena, bere garaian taldearen lehen lanean argitaratu zena. “Burua hotz eta bihotza bero” rock and roll bizimoduaren eta borrokaren deskribapen eta akaso alegoria bat dugu; jatorrizko bertsioan gitarra akustikoarekin grabatua dagoen arren, hemen “Donostiako Piratak 2018: zuzenean” diskoan bezala, kaña formatuan emana.
Bukaerarako utzi zituzten errepertorioko lehergarrienetako batzuk: “Beti elkarrekin” ereserkia, “Freedom for my land” hunkigarria eta “Duintasunez eutsi”, segur aski beraien ezagunena eta borobilenetakoa, goiaren goian uzteko. Ordu betean emandako hamazazpi kantuekin irudi ona eman eta aukera aprobetxatu zutenaren zalantzarik ez daukagu. Ez gara musika estilo honetan adituak, baina hainbat taldek (adibidez Kaleko Urdangak) sorpresa asko eman dizkigute azken urteotan. Gainera, hemen musikak eramaten zaitu, olatuek bezala, eta azken finean punka, egurra eta hitz borrokalariak gustatzen zaizkionak ez dauka Oi! Mugimendua hain urruti. Eta talde multzo horretan, Des-Kontrol dugu nagusienetakoa. Gertutik jarraituko ditugu, eta jada hurrengo aukeraren zain gaude...
Azkenik, luze egin zitzaizkigun minutu batzuen ondotik, jaialdiko izarrak taularatu ziren. Duela gutxi Delirium Tremens ikusiko genuela esango baligute, sinestu ezinean egongo ginatekeen arren, egiazkoa da: Mutrikuko hiru piratak elkartu egin dira, nola egin ere: egin dituzten kontzertu apurren ondoren, non eta B.E.C.en, milaka pertsonen aurrean egitea izan da hurrengu pausua. Hori gutxi balitz, disko berria ere argitaratu dute, baita haren erdia gau honetan zuzenean jo ere. Gainera, diskoaren ekoizle den Haritz Harreguy taldeko laugarren partaide bihurtu da. Noski, Iñigo Muguruza ere oroitu beharrean gaude, bere garaian bera bihurtu baitzen laugarren partaide, taldeari botere gehiago emanez. Baina hori “Ikusi eta ikasi” maisulana baina geroago izan zen. Hain justu Iñigo Muguruza zenduari eginiko omenaldia izan zen hiru musikarien elkargunea, eta hor hasi zen nolabait itzulera hau mamitzen.
Eszenografia single baina boteretsu eta eraginkorra izan zuten bidelagun, atzeko kolorezko panelak zirela medio. Erria txikota! egiteko momentua iritsi zen, beraz, eta “Ihes” aukeratu zuten horretarako, beraien kantarik borobilenetakoa. Emozioak bor-bor zeuden eta hunkiturik zegoen ikuslegoa. Andonik hor jarraitzen du, garai zaharretako karisma berberarekin, ahotsez ondo eta hainbeste klasikoei eta kantu berriei meritudun defentsa egiten. 30 urte dira jada joan zirela, eta sarrera salmentetan lortutako arrakasta inoiz ikusi gabekoa izan da taldearen historian. Pozteko hainbeste arrazoi egonik, gure balorazioa positiboa da guztiz.
“Batzuk” eta “Noizean behin” klasikoen segidan iritsi zen lehen afera, lan berriko lehen kantarekin: “Ibaiak gara”. Ez dugu gezurrik esango; lan berria txukuna da, soinu onekoa eta ondo zaindutako kantuak dauzkana, baina ez da “Ikusi eta ikasi” lanaren mailara iristen. Egia da, haatik, “Hiru aeroplano” lana ere ez zela aipatu diskoaren lehergarritasunera iristen. Honekin esan nahi duguna da lan hori gaindiezina dela, eta gau honetan ia osorik jo izanak dena esaten duela. “Galduta nabil”, “Juan II” edota “Ezin leike” dinamita hutsa diren arren, lehen zati honetan soinua ez zen guztiz garbia edo boteretsua izan, nahiz eta pixkanaka hobetzen joan.
“I have no money”, “Eutsi hirean” eta “Batzuetan”, batez ere azken hau (Zarraporekin batera atera zuten diskotik erreskatatutako hiruretako bat) kontzertuaren fase berri baten erakusleak izan ziren akaso. Taldeak ez zuen konzentrazioa inoiz galdu, eta Haritz Harreguy bigarren gitarran eta Txufu bateria airoski konplitzen ikusi genituen. Patxi Irisarri baxu joleak karisma handia dauka, baita baxua jotzeko estiloa eta pose erakargarriak ere. Bere tatuai eta postura horiekin Guns’N’Roses taldeko Duff McKagan-en aire bat hartu genion. Delirium behin bakarrik ikusi genuen, hain zuzen 1989an, eta emozio handiz bizitu bagenuen ere, oroitzapenak oso urrun dauzkagu denboraren iragaiteagatik.
Mikel Laboaren omenez 1990ean hainbat taldek grabatu zuten “Txerokee” disko hartatik “Baztan” jo zuten, era eraginkor eta erakargarrian egin ere, omenaldi hartan egin zuten modu beretsuan. 1987ko azken harribitxiak, “Sua”-k, lan hartako besteen desiran utzi gintuen arren, elegantea izan zen, nahiz eta aipu batzuk egin beharrean aurkitzen garen: 2022ko Deliriumi abiadura puntu bat falta zaio. Teknikoki ondo aritu ziren arren, Zarama, Hertzainak eta La Polla Recordsen itzuleretan gertatu zena errepikatu da; abiadura edo ostia txarra punttu horren falta alegia. Soilik segundu laurden bateko kontua bada ere, azken bultzadatxo horrek diferentzia markatu baitezake. Delirium Tremensen 2022ko bertsioa dugu hau, beraz, eta esanak esan, beraien lana ondo betetzen dutela uste dugu.
Kantu berrien bateria berri bat: “Garuna”, “Hola tio” atsegingarria eta “Aio” eraginkorra. Garai berri hauen erakusle duin eta profesionalak, eta tartean “Kaixo” klasikoa, berriz ere bazterrak berotu eta giroa pil-pilean jarri zuena. Azken txanpan “Ikusi eta ikasi” diskoari berriz egurra eman zioten, amaiera ahaztezinean: aipatu lan horri izena ematen zion kantua, “Ni naiz naizena” (honekin erretiratu ziren)... Bisetan, “Laino ilunak” eta “Boga boga” kantuekin goian utzi zuten: jendea aztoratuta, guztiz hunkituta eta taldeari babes osoa ematen ari zela. Amaitzean inork ez zuen alde egin nahi.
Emanaldi hau bira handi baten lehen pasusua izan dadin nahiko genuke. Hainbeste jende bildu gabe ere arrakastatsua izango litzake noski, eta taldeari merezi duen ospea emango lioke. Deliriumek bere lehen disko luzeari emandako protagonismoak, bestalde, dena esaten du: guztira lan hartatik zortzi jo baitzituzten; lan berriari eta “Hiru aeroplano”-ri launa eskaini zizkioten, Zarraporekin elkarbanatutako lanari beste hiru, eta azkenik Mikel Laboaren omenaldi diskoan egin zuten bertsioa. Deliriumen itzulera egi bihurtu da, eta oraindik sinestu ezinik gabiltza.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.