Lokomotora-Trena
ConciertosArrasate Blues

Lokomotora-Trena

7 / 10
Mondraberri — 26-07-2024
Fecha — 19 julio, 2024
Sala — Hainbat lekuetan - Arrasate
Fotografía — Mondraberri

Sarrera doan, European Blues Challengean parte hartu izan duten hiru bakarlari edota talde izan dira Arrasaten zuzenean. Era berean, emakumeen parte-hartzea nabarmena izan da, baita euskararena ere, eta haurren artean blues zaletasuna pizteko saiakera ere egin da.

Ostegun arratsaldean ekin zitzaion jaialdiari A Contra Blues talde kataluniarrarekin, bluesak eta rock&rollak eskutik emanda. 2014ko European Blues Challenge-ko talde irabazleak publikoa harritu zuen, Jonathan Herrero ahots potentearekin. Ahotsari gitarra, baxu eta bateria jostariak batu zitzaizkion, eta publikoak oso gustura 'beste bat! beste bat!' eskatu zuen.

Ostiral arratsaldean lau kontzertu izan ziren aldi berean, eta Vulcanizadas talde bilbotarra esaterako Euskal Herria plazan aritu zen. Emakumeen boskoteak blues-soul dotore eta pausatua plazaratu zuen, ahots elegantearekin eta bi saxofoien indarrarekin. Boskotea bere lehen diskoa aurkezten dabil han eta hemen, tartean "Indarberritzen" eta "Hermana" abestiak.

Aurten Arrasate Blues herriaren erdialdetik atera da eta auzoetan bi zuzeneko izan dira ikus-entzungai, horren adibide Zerendepya taldearen kontzertua. Aretxabaleta-Arrasateko taldeak duela 35 urte ekin zion musikagintzari, institutu garaian, baina iaz arte ez zuen eszenatokietara jauzi egin. Kantu ezagunak eskaini zituzten baina baita eurek egindako bi instrumental ere. Ordu berean, Uribarriko Arimazubi plazan Diablues eta Blueziferrek zuzenekoa eman zuten euskaraz. Bergarako taldeak zenbait instrumentu baliatu zituen, tartean 'washboard' delakoa eta harmonika, Mississipi-ko doinu zaharrak ekarriz. Amann & The Wayward Sons blues elektrikoa deskargatu zuten, Pablo Amann buru. Talde bilbotarrari soul, roots eta hard rocka darizkio, eta emanaldi berean Gasteizko Lazy Blues taldeko dantzariek erakustaldia eman zuten. Gauarekin batera The Allnighters iritsi ziren Ferreriasko plazara, eta publikoak gustura rhythm&blues-aren 'lokomotora' hartu zuen. Gidari lanetan Iñaki 'Igu' García aritu zen, eta 'bidaiariak' trenaren erritmora mugitu ziren.

Biharamunean, zapatuan, The Half Nelsons taldeari egokitu zitzaion lehen kontzertua ematea, bermutaren orduan eta Arbolapeta plaza txikian. Country eta old folk doinuak eskaini zituzten publikoaren gozamenerako.

Aurtengo edizioan Mingo Balaguer & Pablo Sanpak 'dobletea' egin du, izan ere, uztailaren 20an eta 24an kontzertu bana eman du. Europako Blues Challenge-an 3. postu lortu zuen 2022an, eta harmonika lagun, 'show' musikalak eman dituzte Arrasaten ere.

Jaialdiko eszenatoki nagusian, Herriko plazan, Olana Liss konposatzaile eta abeslariak bere ahots sakon, sendo eta sentsuala jendartean zabaldu zuen. Aipatzekoa da hainbat jaialdi eta telebista saiotan ere parte hartu duela. Taldekideekin batera jazza, soula, R&Ba, bluesa, popa, latina edota funka eskaini zituen, txalo beroak lortuz.

Eszenatoki berean baina gauean bluesaren beste 'dama' bat taularatu zen: Ina Forsman finlandiarra, jaialdiko kartelburu. Euria egin zuen arren, ikus-entzule ugarik plazan jarraitu zuten bere ahots sentikor eta sakonarekin gozatzen. 2014an bere sorterria European Blues Challengen ordezkatu zuen, eta Arrasaten ere soul, blues eta jazza eskaini zituen taldekideekin batera, tronpeta doinuak tartean. Publikoak euripean koruak egin zituen.

Domekan Ibai Garcia Blues Project-en txanda izan zen, eta Hotel Mondragonera bertaratu ziren ikus-entzuleek Euskadin bluesaren erreferente den gitarra-jotzaile eta konpositorearekin gozatu zuten. Horretan taldekide izan zituen, besteak beste, Charlie Santiago, Aritza Castro eta Fernando Solla.

'Etxeko' beste talde bati egokitu zitzaion jaialdiari amaiera ematea: Arima Soul. Lidia Insausti ahotsean, tartean Jokin Vitoria baterian, Paul San Martin teklatuetan Mikel Makala baxuan taldekide izan zituen. 60 eta 70etako soul, funk, R&B eta jazz-groove taldeen eraginarekin, neo-soula ere eskaini zituzten ikus-entzuleen txaloak lortuz.

Aurten ere Ibai-Artek (Arrasateko dendarien elkarteak) antolatu du jaialdia, batez ere bertako kide Jon Apraiz, Arrasate Bluesen zuzendari ere badena. 11 eszenatokitan 14 talderen kontzertu izan dira, Arrasateko Udalak lagunduta. Antolakuntzak positiboki baloratu du seigarren edizio hau.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.