Ikuslegoa bereganatzeko hamaika modu bilatu ohi ditu artistak: komunikazio kode konkretuak (sektore kultural bati zuzendutakoak), eszenografia deigarriak edota musikari aunitzeko banda ahalguztidunak (Anarik berak bere bandarekin egiten duen moduan). Baina artista, bere biluztasunean eta gitarra bat eskuan duela taularatzen denean, publikoarekiko bihotzetik bihotzerako harreman gordin eta zuzena sortzen da. Hor erakusten du kantariak, bere barne unibertso eta sentimenen bidez, noraino heltzeko gaitasuna duen. Oholtzara igotzeko pausua egiten duen momentutik dena baitago jokoan.
Azkoitiarrak distantzia motzetan eta bere banda ikusgarririk gabe sobera moldatzen dela erakutsi zuen Uhagonen. “Irla izan” diskoko “Isla” kantuarekin hasi zen, jatorrizkoaren ahots bikoiztu eta instrumentu gehigarririk gabe, zuzenean barrenera eta ahalbide poetikoak hasieratik lagun zituela: “Mugitzen ez den balea bat ez da bere isla, irla bera da”. Bere estilo propioa era nabarmenean azaleratzen du kantuak berak: bokalizazio eta erritmo pausatua eta markatua, progresioan dihoan intentsitatea eta batez ere tentsio gozagarrian markatzen dituen norabide anitzeko isuribideak.
Kantu bakoitza leherketa bat da, haatik. Erremediorik gabe zaramatzan ur korronte basatia bezala, bere poesiak eta karismak berezkoa duen pentsamoldean murgiltzen zaituzte. Aipatu ditugun ezaugarriak direla eta, ia bateriaren kaxa ere somatu dezakegu “Nola galdu” bezalako piezetan. Kantu honetan ere, balea eta ura izan zituen izpide Anarik: “Nola bizitzaren ur ertzean hondarturiko balea ura/nola jaten eman eta eskua urrez ureztatzen zuna/bere aldean berarengan itsu ta garbi sinesten zuna”. Kontuan hartu dezagun, gainera, hitz guzti hauek bereak direla, eta bere poemario propioa erabili zuela kontzertu osoan, Sarrionaindiaren omenezko diskoan grabatu zuen “Lagun izoztua” izan ezik.
Itsasoa eta arrainak... murgiltzea sutsua izan ez zenik ez dugu esango: “Erori banaiz ere gorantz erori naiz/nola urazaleratzen arrainak hiltzean/oroimena da orain urperatzen naun beruna” hitzekin hasten da “Aingura hegodunak”. Kantu honekin arrakasta lortu zuen Anarik eta ikuslegoaren parte-hartzeak goranzko bidea hasi zuen kontzertu amaieraraino. “Zebra” diskotik jo zuen kantu bakarra izango zen, eta emanaldi osoan jo zuen zaharrena, 2005ekoa baita. Hau da, lehen bi diskoetatik bakarra ere ez zuen jo eta bat izan ezik beste kantu guztiak azken 14 urtetakoak dira. Apustua arriskatua izan zela esan genezake, beraz, nahiz eta bere kantutegiak sobera baliabide dauzkan handik zein hemendik kantuak aukeratzeko.
Azken singleko “Efemerideak” izan zen jo zuen berriena. Kasik Ander Mugika ere ikuskatu ahal izan genuen, bere zigilua daramaten gitarraren nota magikoak direla eta. “Zure aurrekari penalak” diskora itzulera “Ametsen eraiste neurtua”, “Piromania” eta “Autodefinitua” kantuen bidez egin genuen, tartean “Orfidentalak” zelarik. Lau kantu hauekin momentu hunkigarriak bizitu genituen, momentu pausatu zein tentsioz beteriko bultzadek gidatuta egon baitziren. “Zure aurrekari penalak” lanetik guztira lau kanta jo zituen eta ordezkaritza handiena izan zuen lana izan zen.
Kantuen amaiera aldean zenbaitetan ahotsa mikrotik urruntzen zuen, efektu eraginkorra lortuaz (adibidez, lehen aipatu dugun “Orfidentalak” abestian). Beste kontu bat: bere “Gari eta goroldiozko” liburua irakurri eta gero, askoz era sakonagoan sentitzen ditugu bere hitzak, bere barne-mundua (benetakoa eta fikziozkoa) eta bere gogoetak. Puntu bat gehiago bere alde, beraz: hitzen eta musikaren egilea izateaz gain idazle ere bihurtu baita. Esango genuke azken zortzi urtetako hitzek erlazio zuzena dutela bere liburuarekin.
“Ihia” eta “Harriak”, biek ere “Irla izan” diskokoak, erraz irudika genitzake bere errepertorio elektrikoan, lehenaren indarragatik batetik, bigarrenaren dramatismo elektrikoagatik, bestetik. 2018an Joseba Sarrionandiaren hitzekin egindako lan kolektibo bat argitaratu zen (“Gure oroitzapenak. Poema musikatuak”). Bertan, Anarik “Lagun izoztua” izeneko poema musikatu zuen, eta Markinan azken bi kantu horien tartean jo zuen. “Eta zure mentura Ulisesena baino ederragoa izanen da/edonora zoazela ere, egundo egon etzeran lekura itzultzen zarelako”. Itsasoa, negua, baleak... berriz ere presente azken hiru kantuotan. Ezin ahaztu naturari egindako erreferentziak bere ibilbidean, beraz, ezta animaliak ere: Oreinak, zebrak, zaldiak, arrainak, baleak, animalia antartikoak...
“Oreinak” lehen agurra izan zitekeen, baina Anarik berak argi utzi zuen bisen antzerkian sartzeko asmorik ez zuela, sasi-despedida haiek egitea patetikoa iruditzen zaiolako. Gauzak garbi, beraz: beste bi kanta joko zituen eta hor amaituko zen emanaldia. Aipatu dugun azken kanta hau bere eboluzio musikalaren adierazgarria da, baita akaso azken bi diskoetako filosofiaren testigua ere. Iluntasun puntu bat ere badu, baina kontzertuaren momentu honetan jendea jada bere oinetan zuen, kantu guztiak kantatzen zituen sektore bat barne.
Bisak egiteko antzerkirik ez, baina “Epilogoa” entzuteko aukera izan genuen. Ia 300.000 entzunaldirekin, spotifyn arrakasta handiena duen Anariren kantua da. Benetan hunkigarria izan zen, azkena zela baikenekien eta dramatismo gozagarri hartan buru belarri murgildu baikintuen.
Gauzak horrela, eta kontzentrazio maila oso altua izan bazuen ere, irribarre egiten zuten momentuak ere ekarri behar ditugu gogora. Txalo-zartadek agurtu zuten azkoitiarra. Bere errepertorioaren intentsitatearen jabe izanik ere, umorea era inteligentean erabili eta ikuslegoa bere oinetan jartzeko gaitasuna daukala erakutsi zuen. 70 minutu eta hamairu abestiko saioa amaierara iritsi zen, beraz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.