Eskuak dira, beste ezaugarri batzuen artean, gizaki egiten gaituztenak, gainerako animaliengandik bereizten gaituztenak. Eskuak baino, erpuruaren mugikortasunak eta honek irekitzen dizkigun aukera eta ahalmen guztiak. Eskuekin, erpuruen eta gainerako hatzamarren mugimenduarekin eraiki dugu mundua, bakoitzarena eta guztiona. Kepa Junkeraren bizitzan eta musika sorkuntzan eskuek izandako garrantzia eztabaidaezina da. Zoritxarrez, 2019ko maiatzean iktusak eskuen mugikortasuna ez ezik, gorputzaren zati handi batena mugatu dio bere ibilbide artistikoa mugatu dion modu berean.
Txikitan puxtarriekin jolasean eskuekin zerbait berezia egiten zuela dio bere amak, beste haurrek egiten ez zuten beste keinu bat. Horrela ematen zaio hasiera “Kepa Junkera berpiztu” dokumentalari, bere amaren testigantzarekin, Bilboko Errekalde auzoan emandako haurtzaroaren oroitzapenekin. Hortik abiatuta, bizkaitarraren ibilbide osoari errepasoa eman diote. Txikitatik trikitrixari erakutsiko maitasunak eraman zuen Kepa Junkera Anoetako Belodromoko finalera 1988. urtean. Bera eta panderojole zeraman Motriko bikoteak ez zuten finala irabazi, baina gerturatutako asko aho bete hortz utzi zituzten eskeinitako emanaldiarekin, tartean Joseba Tapia handia. Tapiarekin, Junkerarekin eta beste hainbatekin batera eman zitzaion hasiera trikitrixaren fase berri bati eta 88ko final hura mugarri izan zen. Junkeraren ekarpena garrantzitsua izan zen sustraien eta abangoardiaren nahasketa bultzatu baitzuen. Aurretik etorri zirenen testigua hartzen du, sustrairik gabe ez bait ginateke hemen egongo, baina berea ez zen musika tradizionala eta hasieran askorentzat ulergaitza izan zen. Arbasoengandik jasotako soinuak jazz-arekin eta munduko bestelako soinuekin nahastu eta zerbait berria eraikitzeari ekin zion, auzolanean beti, bidaide izan dituen artista ugariren testigantzak argi uzten duen bezala.
Ibilbide hori da Donostiako zinemaldian zein Bilboko BBK aretoan aurkeztu duten dokumentalaren oinarria, artistak egindako lana goraipatzea, memoria berreskuratzea eta Kepa Junkerari merezitako omenaldia egitea. Baina ez hori bakarrik, trikitilariaren egungo egoera ere aipatzen da. Bere etxeko museoan trikitrixei hautsa kentzen dioten bitartean, artistak beste bide berri bati ekin baitio. Honetan ere ez dago bakarrik, lagun zaharren eta etxekoen babesa baitu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.