Nire bizitzaren diskoak: Pello Artabe (Kristonak)
EspecialesKristonak

Nire bizitzaren diskoak: Pello Artabe (Kristonak)

Zarata — 17-04-2023
Fotografía — Pletina Films

Pello Artabe musikari bizkaitarrak, Kristonak taldeko abeslariak, bere bizitzan ezinbestekoak izan diren hamar disko aurkezten dizkigu.

Arratiako taldea apirilean zuzenean arituko da Legorretan (21, Herri Antzokia + Irtera), Tolosan (28, Bonberenea + Mockers) eta Iruñean (30, Rockollection + Pleura), eta maiatzean Orozkon (19, OrozkoRock), Lizarran (20, Jai Txikia) eta Oionen (27, Oion).

THE CULT "The Cult" (1994)
Ez da euren diskorik ezagunena inondik inora ere, baina disko honekin ezagutu nuen The Cult, kasetean. Ez dauka zerikusirik taldearen 80. hamarkadako disko arrakastatsuenekin. Soinu moderno edo alternatiboagoa dauka, zikinagoa, eta konposizioak psikodelikoagoak, zoroagoak dira. Kontzeptua eta estetika ere bai, nobenteroagoa. Taldearen lan arraroena dela esango nuke. Misterio horrek gehiago entzuteko eta ikertzeko gogoa piztu zidan. Eta ez dago nik esan beharrik baina Ian Astburyren ahotsak, eta jarrerak, ez dauka parekorik. Askotan ikusi ditut zuzenean eta aurten ere ez dut aukera galduko.

 

ITOIZ "...Eremuko dunen atzetik dabil" (1988)
Euskal talde handiena. Eta zuzeneko disko ederrena. Aho betean hori horrela diot... zuzenean inoiz ikusi ez ditudan arren, jaja. Idealizatuta dauzkadala izango da, baliteke, beharbada. Lan honetan daude Mutriku/Ondarrukoen abesti onenak, edo gehienak, zehatz eta fin jota eta grabatuta. Ez da nire garaiko talde bat, baina nirea ez den nostalgia edo malenkonia bat, edo erromantizismo moduko bat transmititzen dit. Nire gurasoena, agian. Halere, distantzia horretatik bada ere, oso aberatsa, inkluso exotikoa, iruditzen zait Itoizen unibertsoa, bai musikalki eta baita letristikoki.

 

GATIBU "Zoramena" (2002)
Debut disko hau bonbazo bat izan zen, fresku-freskue, eta "Musturrek sartunde, alkondarie!" hit totala. Dena den, beste kanta guztiak ere itzelak dira, single bilduma bat da goitik-behera. Eta nola ez, oso rockeroa, eta zirikatzailea, baina fundamentuz landutakoa. Gainera, Fito eta Extremoduroko Robe euskaraz abesten entzuteak ere badauka bere grazia. Nerabezaroan harrapatu ninduen eta garai horrekin lotzen dut: udalekuak, udako jaiak, lehenengo juergatxoak, bihurrikeriak... horixe, zoramena. Kontzertuan asko ikusi nituen orduan, han eta hemengo festetan, lagun artean pozik.

 

RUPER ORDORIKA "Ez da posible" (1990)
Gafas de pasta, con las de Ruper basta! Ruperzaleok ez dakigu oso ondo zergatik gustatzen zaigun hainbeste Ruper. Bere ahotsa, kantatzeko modua, fraseoa, hitzak... batzuetan kostunbristago, besteetan sakonago, edota... kostunbrista bezain sakon beti. Sinple baina konplexu. Gauza gutxirekin asko esatea lortzen du. Ederra da egoera, paisaia eta eszenak nola deskribatzen dituen. Literaturarekin daukan lotura, euskal idazle handiekin, izan daiteke magia horren parte; Atxaga, Sarrionandiaren... orbita. Disko honetan bere hit ezagun asko daude. "Hautsi da anphora" aurreneko lana ere fantasia bat da.

 

QUEENS OF THE STONE AGE "Songs for the deaf" (2002)
Buruak eztanda egin zidan artefaktu honekin. Horrelako bizarradarik egin zitekeenik ez nuen asimilatzen, ez nuen ulertzen. Entzun eta entzun ibili nintzen etengabe, txundituta nengoen. Erritmo eta intentsitate aldaketa horiek, soinu eta efektuak, ahots eta koruak, Mark Lanegan, Nick Oliveri baxuan, Dave Grohlen bateria basatia... dena da astakeria bat, astakeria marabilloso bat. Josh Hommek rocka berrasmatu edo eguneratu zuen, dudarik gabe. Gerora jakin nuen taldekideak nortzuk ziren... Eta Kyuss ezagutu nuen, beste talde erraldoi bat. Stoner estiloarekin topera engantxatu nintzen eta oraindik ere noizbehinka gogor ematen diot.

 

PEARL JAM "Ten" (1991)
Baina berdin aipatu dezaket Soundgarden taldearen "Badmotorfinger" edo Alice in Chainsen "Dirt", grungearen trinitate santua Nirvanaz haratago. Disko hau guztiz mainstream bilakatu zen grungearen sasoi loriatsu hartan. “Even flow”, “Alive”, “Black”… sekulako abestiak dira, sentsibilitate eta aura berezia daukatenak. Soundgarden, Alice in Chains eta Nirvana askoz ilunagoak ziren, arriskutsuagoak edo, nolabait esatearren. Talde bakoitzak bere berezitasuna zeukan eta horregatik ziren denak hain erakargarri eta interesgarri.

 

RIP "No te muevas" y "Zona Especial Norte" (1996)
Arratia institutuan guztiz punkitu ginen den-denok: Rip, Eskorbuto, Cicatriz, Kortatu, Piperrak... talde horien kamisetak janzten genituen eta bolumen maximoan entzun. Rock Radical Vasco zaleak bihurtu ginen, 20-30 urte geroago. RIP ziren nire kutunenak. Oso makarrak iruditzen zitzaizkigun letrak, hereserki modukoak. Eta euskaldunak ginenez, ba erdaraz, oraindik ere makarrago, kontra egiteko baino ez bazen ere. Gainera, gitarran, baxuan eta baterian oso erraz ikasteko abestiak ziren, hiru-lau akorderekin, "kintak" erabiliz. Horrela hasi ginen talde bat egiteko ideiarekin.

 

BERRI TXARRAK "Eskuak/Ukabilak" (2001)
Talde nafarra ez nuen bereziki gustuko, ez nintzen rock-rap estilo horren zale, orain ere ez. Disko hau kaleratu zuten arte, eta letrengatik batik bat, aldatu zen kontua. Gero etorri ziren “Libre” eta “Jaio.musika.hil”, eta azken honekin taldea hazi egin zen, “kontsagratu”. Izan ere, diskotzarra da, euren onena, borobilena, nire ustez. Plazak eta aretoak leporaino betetzen hasi ziren, kontzertuz kontzertu gero eta gehiago ginen fanak. Ordutik aurreragoko guztia sobera jakina da. Nolanahi ere, “Eskuak/ukabilak” diskoko “Oihu”, “Ez dut nahi”, “Biziraun”, “Stereo”… dira nire faboritoak.

 

WOLFMOTHER "Wolfmother" (2005)
Australiarren lehen lana sorpresa zoragarria izan zen 70. hamarkadako rock zaleentzat. Erabat asmatu zuten beraien “revival” proposamenarekin. Gitarra lodiak, riff potoloak, originalak, eta Stockdaleren ahots agudu imitaezin hori. Kantu oso eraginkorrak eta itsaskorrak bildu zituzten. Eta disko dibertigarria da gainera. Espektatiba handiak jarri ziren eurengan baina hurrengo diskoekin desinflatu egin ziren, ez zuten maila mantendu, formula agortu zitzaien. Halere, martxan jarraitzen dute eta oso gozagarriak dira zuzenekoetan.

 

THE BLACK CROWES "Shake your money maker" (1990)
Rock&roll amerikar disko onenetarikoa: ahots urratua, karismadun abeslaria, armonika, piano, hammond, slide eta gitarra soinu autentikoa. Bluesa, folka, hard rocka… kutsu klasiko biziberritua dauka, eta sekulako “rollazoa”, mugiarazi egiten zaitu nahi gabe. Hurrengo disko biekin goia jo zuten, rock&roll talde handienetariko bat zirela erakutsiz eta berretsiz. “The Southern Harmony and Musical Companion” eta “Amorica” egundoko diskoak dira. Robinson anaien arteko tirabirak, Oasis taldeko Gallagher anaien artekoak bezala… entretenitzen jarraitu gaitzatela. Eta abesti onak egiten jarraitu dezatela, elkarrekin bada hobe edo bakarka bestela.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.