Hemen bere aukeraketa:
Touché Amoré – "Parting The Sea Between Brightness And Me" (2011)
Buruz dakizkit 20 minutu hauek. Niretzako erraietatik kantatzearen definizio ederrena, melodia eta egurra uztartzen dituen paisaia sonikoarekin gainera. 20-30 urte bitarteko maldaren soinu banda, izerdiari omenaldi bat. Beste baten hitzak gutxitan sentitu ditut hain nire. Gertutik jarraitu dut talde hau, eta disko bakoitzak antzekoa transmititu dit...sentitzearen zama moduko bat. Zama earra hori bai.
Sorotan Bele - "Sorotan Bele" (1992)
Klasiko bat. Txikitan gurasoekin egindako bidaietan kotxean behin eta berriz entzundakoa. Izugarri berezia zen soinua eta gaur egun ere aurkitzen diot puntu exotiko bat, beste lurraldeetatik ekarritako soinu edo folk moduko horri itsasoaren erritmoa sartu izan baliote bezala. Abesti guztiak ereserki sentitzen ditut, batez ere, atzerrian nagoenean. Batzuetan gutxietsita ez ote dauden pentsatzen dut, talde hau satelite baten moduan ikusten baitut nik, zentzurik onenean.
Benito Lertxundi - "Altabizkar" (1981)
Nire izena disko hontako kantu batetik hartu zuen amak eta Benito behin izan da gure etxea girotu duen musikarietako bat. Binilo hau etxean eduki izanaz oroitzen naiz baita portada kurioso hartaz ere, kolorezko kristal batzuekin. Euskal musikan puntako izena izateaz gain, nik maitasun berezi bat diot, seguruenik amarekin lotzen dudalako. Bere abestien zerrenda amaigabea da, baina nire disko kuttunena hau.
Tame Impala - "Innerspeaker" (2010)
Lagun baten gomendioari segika, lehen aldiz entzun eta, guztiz asimilatu ezinda, tarte bat pasa zen bigarren aukera bat eman nion arte. Momentuan maitemindu eta geroztik nire talde kuttunetako bat da. Kaleratutako 4 diskoek garapen izugarria erakusten dute, eta Kevin Parker alu honek badaki zein dimensiotan bizi naizen, eta beti lortzen du ni emozioz betetzea.
Berri Txarrak - Diskografia Osoa (1994-2017)
Euskara eta musika emozioak transmititzeko tresnatzat dituen edonork eredutzat behar lukeen taldea. Ezin disko bat aukeratu, euren garapena eta ekarpena baita sortu duten onena. Unibertsitate garaietan asko entzun nuen talde bat. Musikalki izan dituzten aldaketa guztiak gustatu zaizkit eta beti antzeman diet euren funtsa. Hitzak sortzeko unean ere poesia eta gordintasunaren arteko zera hori deskribatzen maisu.
Mikel Markez - "...Eta Etorri Egin Zait" (1992)
Disko hau udaberri moduko bat da niretzat, eta Sorotan Beleren antzera, gurasoekin kotxean igarotako garai horietan kokatzen dut. Goitik behera dakit disko hau, gitarra eta instrumentazio gutxirekin kantautore gaztea zen Mikel garai haietan, baina diskoak izugarrizko freskotasuna eta ausardia ditu. Niretzako klasiko bat. Kuriosoa da “Zure begiek” hit-a ezagutzen duela jende askok, baino diskoak abesti ikaragarriak ditu!
Backstreet Boys - "Backstreet's Back" (1997)
Ni baino 4 urte helduagoa den arrebak eta biok izugarri entzun genuen disko hau. Erosi nuen egunaz oroitzen naiz eta barruan zituen hit gehienetaz ere bai. Pentsatzen dut puntako produktoreek egindako abestiak zirela, mundu guztiak abesteko moduko melodia gogoraerrazekin. Beranduago ohartuko nintzen hura Pop mainstreama zela, fenomeno batzuk sortutako fenomeno bat, onerako eta txarrerako. Baina ni abestien borobiltasunak erakarri ninduen, eta gero arrebarekin praktikatzen nituen harmoniak, bi ahotsetan.
The Used - "Maybe Memories" (2003)
Ez dakit nola ezagutu nuen talde hau baina momentuan txunditu ninduen. Lehenago halakorik entzun gabe, akaso hau izan zen musika “alternatibo” bat entzun nuen lehen aldia. Garai hartan basatiak ziren niretzat, eta ingurukoak nu metala entzuten zuten momentuan kokatzen ditut. Melodia eta oihuak ahotsean eta frenetikoa den zerbait du disko honek. Ondorengo urteetan sakonduko nuen hardcore munduaren zirriborro moduan ikusten dut The Used, nahiz zerikusirik ez duten.
Bon Iver - "Bon Iver" (2011)
Baso baten lasaitasun eta mina duen lehen disko sasi akustikoarekin ezagutu nuen, eta izugarri emozionatu nintzen, denen moduan. Bigarren disko honek ordea, batez ere abestien borobiltasun eta instrumentazioan txunditu ninduen, atzean dauden musikari denak goresteraino. Euskalduna Jauregian disko hau aurkezten aritu ziren, eta ez zait sekula ahaztuko egun hartan sentitutakoa. Instrumentuen arteko dantza ze ondo entzuten zen eta denak txundituta eta malkotan. Hurrengo bi diskoak ere izugarri maite ditut. Nire sortzaile gustokoenetako bat.
Señor Loop - "Vikorg" (2013)
Kosta Rikan bizi nintzela gomendatu zidaten Panamako talde hau eta berehala maitemindu nintzen, zihurrenik une horretan nuen egoera emozionalak hala behar baitzuen. Ez dakit nola deskribatu musika estilo hau, nik oihaneko rock sikodeliko lasai deitzen diot, baina beste mila gauza ere esan daitezke. Disko honek abeslariaen ahotsaren berezitasuna, hitzen indarra eta batez ere, instrumentuen arteko isiltasunak are gehiago apreziatzen lagundu dit. Gainera, nire esaldi gogokoenetariko bat du diskoak. “Si te eriza, es que todo está bien”.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.