The Cranberries - "Everbody Else is doing it, so why can’t we?" (1993)
“Helduen musika”tik heldu zitzaidan lehen diskoa, irratian “Dreams” entzun eta disko denda batean sartu nintzen erostera bizitzan lehen aldiz, 17 urterekin edo. Taldearen diskorik onena nire iritzian, 80. hamarkadako pop gozoz osatuta, azalak adierazten duen iluntasunak bideratuta. Garaian Irlanda eta Ingalaterrarekin zuen guztiak liluratzen ninduen eta horien esentzia ekartzen zidan gogora. Dolores eredua izan da niretzat, lan honetan bere gatazka pertsonala besteetan baino agerikoagoa dela uste dut.
Alanis Morissette - "Jagged Little Pill" (1995)
Alanisen jarrera aho zabalik utzi gintuen garaian. Emakumebakarlari gaztea, berezko soinu bat egiten zuena, ahots ikaragarri horrekin, aipatutako jarrerarekin. Abesten hasi nintzeneko urteak ziren, eta diskoa goitik behera abesten nuen. Irakurrita daukat diskoak eta artistak berak ez zuela merezitako errespeturik jaso, garaiko kritikak “infantilizatu” zuelako haren ahotsa eta jarrera, beste hainbat emakumerekin egin bezala. Hala ere iraultzailea izan zen gutako askorentzat, “You Oughta Know” abestiaren benekotasuna, bereziki.
Radiohead - "Pablohoney" (1993)
1997an entzun nuen lehen aldiz. Gitarra elektrikoa jotzen hasteko arrazoi nagusiena izan zen, eta bizitza osoan jarraitu dudan taldea. Entzuten dudana entzun ere, Radioheadera itzultzen naiz. Disko garratza, elektrikoa, hala ere samurra eta gozoa zeinbaitetan. Bere garaiari aurrea hartu zion, taldearen lan guztiek bezala. “Creep” ekin flipatu nuen, Jonnyren gitarrak Thomen hitzen gozotasuna apurtzen duen modua, abesti erdian. “Lurgee” nire kantu oinarrietako bat da ere, transmititzen duen malenkonia garratzagatik.
Zea Mays - "Elektrizitatea" (2000)
Euskal Herrira begira talde hau nire bigarren erreferentea, lehena Negu Gorriak izan baitzen. Eorann sortzeko taldekide bila nenbilelarik eredua izan zen, Pearl Jam eta grunge munduan murgilduta nenbiltzala bertoko ispilua, alegia. Aioraren ahotsarekin ikasten nuen ere, etxean topera jarri eta koroak egiten nion disko osoan zehar, gora eta behera... taldearen diskorik kuttunena niretzat, transmititzen didan indarra, esentziagatik. “Begiratzen” eta “Box” abesti ikaragarriak iruditzen zaizkit, ilun bezain samurrak.
PJ Harvey - "Stories from the City, Stories from the Sea" (2000)
Ez dut Polly Jeanen alde basati eta gordina jarraitu, bai ordea disko honetan aurkitu nuena, PJ helduaren baretasuna, sentsualitatea. Oso melodikoa, indartsua hala ere. Kaleratu eta bederatzi urte beranduago entzun nuen, New Yorkera egindako bidaian erosita. Hiriaren esentziarekin bat egin zuen, magikoa izan zen. Bakarlari izateko sena pizteko gogoa esnatu zitzaidan garaian. Abesti kuttunen artean ditut “Big Exit”, ihes egin nahi duenaren garrasia. Thom Yorkekin “This Mess We’re in” eta “One Line” ere.
Yo La Tengo - “Electr-O-Pura” (1995)
Eorann taldeko etapa amaitzear zegoela, soinu eta proiektu berri bati ekiteko bihozkada barruan nuelarik ezagutu nuen Yo La Tengo, 2008an. “Decora” abestiak barruak astindu zizkidan. Soinu berri baten bila nenbilen eta gitarren zikintasun leun horrek, haien jarrerak, apaltasun hori eredutzat hartuta sortu nuen Red Carmine. Maite dut nola tartekatzen duten pop soinua eta gitarren zikintasuna. “Blue Line Swinger” abestia maisulana iruditzen zait: 9 minutu irauten duen arren, ez zaitu nekatzen, dinamika ezberdinez osatuta dago, entzuten jarraitzeko gonbidatzen zaituztenak. Taldearen ahotsek ere, magia eta benekotasuna iradokitzen didate.
Blonde Redhead - "23" (2007)
Hauek 2008an ezagutu nituen ere, erreferentzia garrantzitsua Red Carminen soinurako. Disko hau ez da aurrekoak bezain esperimentala eta iluna, hala ere elektronikoa izatera heldu gabe, gitarra lerro fin horien protagonismoa mantenduz, perkusioak ematen dion indarrak harrapatu ninduen. Kazu Makino nire ereduetako bat da, abeslari eta gitarjole moduan. Hirurek transmititzen zidaten heldutasun musikal horretara heltzeko gogoa, eta beste behin ere iluntasunetik samurtasunera bidaiatzearena. “Dr. Strangeluv” bereziki atsegin dut diskoan, Pace bikien italiar jatorriaren erromantikotasuna somatzen dut bertan, 70. hamarkadako pelikula erromantiko haiena, nolabait.
Anari - "Zebra" (2005)
Anariren lehen bi lanak ezagutu eta momentuan bizi izan banituen ere, ez naiz bere jarraitzaile izan 40 urte bete ditudan arte. Anariren musika eta hitzak barneratzeko behar nuen heldutasun musikala eta intelektualaren zai nengoela uste dut, ia konziente izan gabe. Beste hainbat jenerotan murgilduta nengoen eta Anari zailegia iruditzen zitzaidan, motelegia. Bapatean ate egokia ireki egin zen, eta paradojikoki disko honekin izan zen, rockeroena, dinamikoena izanik. Birkit abiatu aurretik izan zen, eta kriston bultzada izan zen, inspirazioa. Kontzertuetara bakarrik abiatu behar izan dudanean autoan entzun dut, urduri banengoen segurtasuna ematen zidan. “Txori Beltzak” izugarria da, pianoa eta hitzen arteko dantza hori. “Gu” abestiak Anariren indartsuena iruditzen zait, bikaina.
Warpaint - "Exquisite Corpse" (2009)
Uneko nire talderik gogokoena da. Los Angeleseko lau emakume hauen soinua 2016a inguruan ezagutu nuen eta “Emen” nire bakarkako lehen lana osatzeko ezinbestekoa izan zen EP hau. Femeninotasun irmo batetik abiatzen den soinu ilun eta landu bat egiten dute hemen, gitarren melodiek eta ahotsek orijinaltasunez eta mimo handiz eraikitzen dituzte abestiak, Warpainten unibertso sentsual eta naturalak esango nuke. EP hau haien lanik organikoena da, hurrengoetan soinu elektronikoagoa egin dute.
Jen Cloher - "Jen Cloher" (2017)
Sortzaile australiarra beste ereduetako bat da nire bakarkako ibilbidean. Emakume helduaren ikuspegitik idazten du, bere buruan sinisten duenaren esperientziatik. Gurasoen zaintzarekin amaitzean sortu zuen lan hau. Biak hil ziren, gaixotasun luze baten ondorioz. Bere buruaz ahaztu izanaz, urruneko bikote harremanaz eta denboraren igarotzeari buruzko barne-hausnarketaz idatzi zuen. Aurreko lanak folkiagoak badira ere, honakoan rockaren indarraz itzuli zen gitarran Courtney Barnett garaiko bikotekideak urtetan bikain lagundu ziolarik. Disko zaindua da hau ere, oso pertsonala.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.