"Mutilaren kanta"ren abestia eta bideoklipa hurrengo lanaren aurrerapena da. Bien bitartean, bere bizitzan gehien markatu duten diskoetako batzuk aurkeztuko dizkigu:
1- Henry Purcell - "Dido & Aeneas" (1689)
Diska honek izen hori duen opera biltzen du, eta ikaragarri ederra iruditzen zait. Didoren amaierako kantua famatuena izanik, horrek ez dio xarmarik kentzen; sakonki hunkitzen duen horietakoa iruditzen zait. Gainera, musika eta letraren arteko harreman perfektuaren adibidea dela pentsatzen dut, non batak ez duen bestea kaltetzen, alderantziz, elkarri laguntzen diote; gauza oso zaila.
2- "Bertso Zaharrak" –Antton Valverde, Julen Lekuona, Xabier Lete (1974)
Aurten asko entzun dudan diska. Antton Valverderen ahotsa oso garbia, polita iruditzen zait, eta letretarako erabiltzen dituen idazle euskaldunen idatziak asko gustatzen zaizkit; hau da, testuak abesti modu eder batean bilakatzen dituela iruditzen zait. Diska hontan bertso zaharrak bildu eta abesten ditu, Xabier Lete eta Julen Lekuonarekin batera, oso era sotilean, eta ahotsen melodía eta letren berezitasuna guztiz biluzik agertzen dira, haien indarra argi adieraziz.
3- Lole y Manuel –"Nuevo Día" (1975)
Diska hau orain dela urte pare bat obsesiboki entzun nuen. Badago flamenkoan “garra” deritzon hori, trumoien moduko deskarga elektriko bat, biziki erakartzen nauena, eta baita purutasun eta poesía berezi bat, gauza sinple eta errepikorrekin egindakoa, guztiok identifika gaitezkeen gaiaei buruzkoa. Nuevo Día honen adibide argia da.
4- BadBadnotGood – "IV" (2016)
Talde honek egiten duen musikan emaitza dotorea eta fina geratzen zaiela pentsatzen dut, soinu aldetik oso atsegina, oso zaindua, sofistikatua… Erabaki guztiak mimo handiz hartuak daudelaren sentsazioa daukat haiek entzutean, batez ere diska hontan.
5- Antonio Vega - "Básico" (1997)
Zuzeneko kontzertu akustiko baten grabaketa da diska hau, aitak txikitan asko jartzen zuen, eta osaba-izebei ere asko gustatzen zitzaien, udan jartzen zuten, gauetan. Malenkonia momentu moduko bat sortzen zen orduan, tristura eta edertasunez betea, eta oraindik ere sentipen berak dauzkat entzuten dudanean, oroitzapenengatik, baina baita, Antonio Vega-ren ahotsagatik, kantatzeko era, letra… guztiak duen kutsuagatik.
6- Hertzainak - "Hertzainak" (1981)
Beti gozatzen dut diska hau, giro orokorra, soinu aldetik, letren aldetik, ahotsak… urtetik urtera gustatzen zaizkidan gauza berriak aurkitzen ditut bertan.
7- Cate Le Bon – "Reward" (2019)
Cate Le Bon-en lan guztiak oso onak iruditzen zaizkit. Reward atera duen azkenekoa da. Zuzenean ikusi nuen orain dela urtebete-edo, diska honetako abestiak jotzen, eta kontzertua emateko modua oso ederra eta berezia iruditu zitzaidan; artista interesgarria iruditzen zait.
8- Connan Mockasin – "Caramel" (2013)
Goxotasun eta giro politak biltzen dituela iruditzen zait, diska hontan batez ere. Puntu erromantiko eta atmosferiko bat dauka, oso erakargarria iruditzen zaidana.
9- Siouxsie and the Banshees – "The Scream" (1978)
Hau nerabezaroarekin lotzen dut, baina oso garrantzitsua izan da niretzat, Siouxsie-ren ahotsa, puntu ilun horrekin…Entzuten nuenean, desiragarria eta beldurgarria iruditzen zitzaidan. Bi sentipen horiek batera gogoko nituen, emakume bat ahots eder batekin abesten entzuten nuen, “kontuz ibili” edo horrelako doinu batekin, ordea.
10- Mikel Laboa – "Lau-Bost" (1980)
Laboaren diskaren bat sartu behar nuen, nahitaez, gehien entzun dudan musikarietako bat izan baita, zalantzarik gabe. Bere sen esperimentala eta aldi berean, publiko orokorrera iristearen lorpenak izugarri miresten ditut. Ahots hunkigarria zuela pentsatzen dut, eta melodia intimo eta familiarrak sortzeko gaitasun oso handia.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.